Kultura Departamentuak Landarte jarri du abian, Nafarroako arte eta landatartasun programa

Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Landarte jarri du abian, Nafarroako arte eta landatartasun programa, 2017an Nafarroako hamar herritan sorkuntzako tailer parte-hartzaileak sustatuko dituen proposamena. Orbaitzetan, Zuñigan, Galipentzun, Sesman, Otsagabian, Goizuetan, Fontellasen, Abartzuza-Errezun, Zurukainen eta oraindik zehaztu gabeko beste batean, hain zuzen ere. Apirilean eta maiatzean egingo dituzte tailerrok, eta hainbat emanaldirekin burutuko dira emaitzak ekainean.

Land Art deritzon korrontean inspiratuta dago Landarte; Land Art da artearen eta paisaiaren uztarketa ezaugarritzat duen arte garaikideko korronte bat. Landartek, gainera, harago joan nahi du, eta programan parte hartzen duten herrietan bizi diren artisten zuzendaritzapean eta gidaritzapean, arte-diziplina ezberdinak uztartuko dituzten jardueren sorkuntzan, kudeaketan, ekoizpenean, marketinean eta jarraipenean inplikatu nahi ditu herritarrak.

Gure zonaldeko egitasmoa

Maite Itoiz, John Kelly eta Nicolas Albak Lau elementuak: ura, lurra, haizea eta sua auzolan-tailerrak eskainiko dituzte Orbaitzetan, eta ekainaren 17an, diziplina anitzeko ikuskizuna egingo dute zuzeneko musikarekin, dantzarekin, kontakizunekin, eskulturekin, eszenografiarekin, performancekin eta ikus-entzunezkoekin. Euskal herri-musika errepertorioa izango du, eta bi emanaldi eskainiko dituzte: bata goizean, 12:00etan, akustikoan, harrespiletan; eta bestea gauean, 21:00etan, Orbaitzetako arma-fabrikaren ondoko plazan jarritako eszenatokian.

Iruzkindu