Nortzuk gara

HISTORIA

Irati  Irratia 1993. urtean sortu zen, eskualdeko hainbat auzolagunei esker. Bi helburu zituen proiektuak, batetik euskara bultzatu eta bestetik hain urrun eta hain gertu bizi den jendeari bertako informazioa eskaintzea. Hasiera batean, Garraldatik (Aezkoa bailara) emititzen zen, eta, ondoren, Aribe (Aezkoa bailara) herritik, Aezkoako Bailarako Etxetik, emititzen hasi ziren.

Irati Irratia estudioa

Irati Elkarteak gestionatzen zuen eta orain ere gestionatzen du irratia. Irati Elkartea 100 kide inguruk osatzen dute, lehen aipaturiko herri eta eskualdeetako herritarrek. Hauek, lehen eta orain, kuota bat ordaintzen dute. Aezkoako Batzarre Nagusiak diruz laguntzen zuen eta, tarteka, baita Erroibarko Udalak eta Aurizberriko kontzejuak ere. Bestalde, Nafar Gobernuak ere diruz laguntzen zuen, eta Euskal Herrian oso ohikoak diren pegatina, gau-pasa eta kamixetei esker, irratiko langileei ordaintzen zitzaien.

Irati Irratian beti izan dira soldatapeko langileak. Gaur egun, langile bat dago, lanaldi erdiko kontratuarekin. Egunero, 3 orduko emisio ofiziala zegoen, baina baita laguntzaile askok eginiko beste hainbat saio ere. Emisio ofizialean ere, hainbat kolaboratzaile zeuden eta horiei esker irrati duin bat aireratzen zen.

Bestalde, iragarkietatik ere diru sarrera bat izan zuen urte horietan. Hala ere, 2002. urtean irratia itxi zen, besteak beste, diru laguntzen murrizketengatik eta baita arazo teknikoengatik ere.

GAUR EGUNGO EGOERA

2009ko abenduan berriro martxan jarri zen irratia. Ordura arte emititzeko legezko emisiorik ez zegoen baina 2009an lizentzia lortu zuen Aezkoako Batzarre Nagusiak. Gainera, Aezkoako Batzarre Nagusiak proiektua diruz laguntzeko prest zegoen, eta Irati Elkartea berpiztu zen. Bestalde, Euskarabideak emisioa zabaltzeko diru-laguntza eman zuen, eta Erroibar, Luzaide, Auritz eta Orreagako Udalak diruz laguntzeko konpromezua hartu zuten. Ez, ordea, etorkizuneko mantenu gastuetarako. Agoitzen 2012.eko uztailetik entzungai daukagu 107.5 FM frekuentzian.

20150827_130934

Gaur egun, era jarraian, 2 ordu eta erdiko Egun on, Auñamendi! saioa egiten dugu, goizeko 11:00etatik 13:30ak arte. Baina bestelako kolaborazioak ere baditugu programazioan. Irati Irratia urteak betetzen ikusi nahi dugula, ardoa bezala, zahartzen eta hobetzen! Horretarako zure laguntza ezinbestekoa izanen da. Izan zaitez iratikide!

EREMUA, GEOGRAFIA

Irati Irratia, Nafarroa Garaiko ekialdeko honako eskualde eta herri hauetan entzuten da: Aezkoa, Erroibar, Luzaide, Orreaga eta Auritz 107.7 eta Agoitzen 107.5 FM frekuentzietan eta on-line ere, webgunean eta Uhinbak aplikazioan.

Erliebeari dagokionez, zonalde malkartsua da, hemen dago Euskal Herriko herririk altuena, 1.000 metro inguru dituen Abaurregaina herria. Herriak oso txikiak dira, eta oso sakabanaturik daude. Guztira, gutxi gora-behera, 3,000 biztanle bizi dira zonalde zabal honetan. Gainera, populazioa oso zaharkitua dago, besteak beste sozio-ekonomikoki eta politikoki baztertua izan delako. Batipat, abeltzantza, nekazaritza eta turismoari esker bizi da jendea. Baina, Iratiko Oihana eta Orreaga edo Ibañeta bezalako leku garrantzitsuak daude zonalde honetan.