Artzibarreko etxeen izenen bilaketa

Etxeen izenen bila ari dira Artzibarren. Ibarreko oikonimiaren lanketa egiten ari da Otsailetik ibarreko zenbait bizilagunek osatutako lan talde batek. Eta igande honetan orain arte egin dutenaren aurrerapena erakutsiko dute ibarreko egunean, Artziko zelaian.

Artzibarko Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, ibarreko herrietako oikonimia (etxeen izenak) biltzeari ekin zion Otsailean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Euskaltzaindiaren aholkularitzarekin. Proiektu honen bidez ahozko informazioa jaso nahi da, bizilagunei elkarrizketak eginez, baita artxiboetan datuak jasoz.

Lana egitearen arrazoi nagusiak bi dira: batetik, azkeneko urteetan bizimoduen aldaketa handia gertatzen ari dela, eta, horren ondorioz, izen asko desagertzen ari dela. Bestetik, administrazio publikoen eginkizunetako bat toponimia mantendu eta gordetzea dela, eta horren barne oikonimia.