Luzaide eta Arnegiko eskolak batuko dituzte

Hurrengo ikasturtean elkarrekin jasoko dituzte klaseak Arnegi eta Luzaideko ikasleek. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailak asteartean jakinarazi zuen mugaz gaindiko proiektua onartu dutela. Irailetik izan dira negoziazioetan, azken urteotan larritu egin den populazio arazoari aurre egiteko.

Haur eta Lehen Hezkuntzako 3 eta 12 urte bitarteko ikasleek, beraz, elkarrekin ikasiko dute. Goizez Luzaiden ariko dira Haur Hezkuntzako ikasleak, euskaraz (bi irakasle izanen dira, Arnegiko bat eta Luzaideko beste bat). Lehen Hezkuntza ikasleak Arnegi jasoko dituzte astelehen, astearte, ostegun eta ostiral arratsaldeko ikasgaiak, frantsesez (bi irakasle, bakoitza zentro batekoa).

Ikasleen arteko harremana sendotu eta euskara, gaztelera eta frantsez hizkuntzen ezagutzan sakondu nahi dute proiektuaren bitartez. Aurreikuspenen arabera, 14 ikasle matrikulatuko dira Luzaiden (5 Haur Hezkuntzan eta 9 Lehen Hezkuntzan); Arnegin, berriz, 23 ikasle (9 Haur Hezkuntzan eta gainontzekoak Lehen Hezkuntzan).

Iruzkindu