Julio Sotok eraman zuen txapela

1.300 bertsozale inguru bildu ziren Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, eta giro beroan jokatu zen finala. Julio Sotok eta Eneko Lazkozek jokatu zuten buruz burukoa. Azkenean, 925,5 puntu bilduta, Julio Sotok jantzi zuen txapela, Luzia Goñi 89 urteko bertsolariaren eskutik.

Arratsaldeko bostak pasatxo hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Zortzi bertsolari aritu ziren kantuan: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes ‘Itturri’ , Xabier Terreros eta Julen Zelaieta. Alaitz Rekondok egin zituen gai-jartzaile lanak, eta Fernando Anbustegi aritu zen aurkezle zereginetan. Jon Abril, Mikel Beaumont, Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea, Izaro Mitxelena eta Saioa Mitxelenak osatu zuten epaimahai taldea.

Finalaren lehen zatia bukatuta, Eneko Lazkozek eta Julio Sotok lortu zuten puntu gehien, eta biak pasa ziren buruz burukoa jokatzea. Binakako bi ariketa eta kartzelako lana egin ostean bukatu zen saio puntuagarria, eta orduan jakinarazi zuen aurkezleak epaimahaiaren epaia: Julio Sotok lortu zuen puntu gehien, 925,5, eta horrenbestez, bera zen 2017ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna. Haren atzetik sailkatu ziren Eneko Lazkoz, Ander Fuentes “Itturri”, Aimar Karrika, Xabi Maia, Xabier Terreros, Eneko Fernandez eta Julen Zelaieta. Honelaxe geratu zen sailkapena:
1. Julio Soto 925,5
2. Eneko Lazkoz 906,5
3. Ander Fuentes “Itturri” 543,5
4. Aimar Karrika 499
5. Xabier Maia 498
6. Xabier Terreros 494,5
7. Eneko Fernandez 493,5
8. Julen Zelaieta 474,5

Luzia Goñi 89 urteko bertsolariak jantzi zion txapela txapeldunari. Ehunka bertso idatzien egile da Goñi, eta urteetan sustatu du bertsolaritza. Bere garaiko emakume askok bezala, ordea, ezin izan du plaza publikoan jardun. Haren bitartez, beraz, lan isilean aritutako emakume guztien lana aitortu nahi izan zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Txapelketa Nagusirako sailkatuak
Nafarroako txapelduna zehazteaz gain, 2017ko udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako nafar ordezkariak izendatzeko funtzioa ere bazuen gaurko finalak. Lehen bost sailkatuek izango dute aukera Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko. Hauexek, hain zuzen ere:
1. Julio Soto
2. Eneko Lazkoz
3. Ander Fuentes “Itturri”
4. Aimar Karrika
5. Xabier Maia

Iruzkindu