Gaur izan dugu berriz ere David de Andres gure meteorologoa aste bukaerako iragarpena ematen. Berak aipatu digunagatik oso posiblea da larunbat gau igande goizean elurra ikustea betiere 1000 metroren bueltan. Horrekin konformatu ez eta aste santurako tendentzietaz ere solastu zaigu zeina zantzu guztien arabera lehorra izanen den, tenperatura aldetik oraindik argi ez dagoen arren.
Iragarpena:
Osteguna (Martxoak 30): Egun argitsua zeinetan tenperaturak jeisten joango diren. Eguna aurrera joan ahala hodeiak ugaritzen joango dira eta hego-mendebaldeko haizeak mendebalari utziko dio bidea
Ostirala (Martxoak 31): Egun hodeitsua izanen dugu eta baliteke prezipitazio apur bat egotea eguerdian edo arratsaldean. Tenperaturak berriz ere behera eginen dute. Haizeari dagokionez hego-mendebaldeko haizearekin hasi eta mendebal-ipar-mendebaldeko haizearekin amaituko dugu eguna.
Larunbata (Apirilak 1): Egun euritsua izanen dugu batez ere arratsaldetik aurrera. Ipar-mendebaldeko haize hezeek ekarriko dute prezipitazio hori eta bidenabar tenperaturak jeitsiaraziko dituzte. Elur kota egunaren hasieran 1500 metro ingurutan izanen dugu eta egunaren amaieran 1200-1300 metrotan kokatuta izanen genuke.
Igandea (Apirilak 2): Eguraldi estaliarekin eta elur kota 1000 metro ingurutan kokatuta hasiko genuke eguna, eguna aurrera joan ahala 1200-1300 metrotan kokatuta izanen dugularik. Goizean izanen dira prezipitazio gehienak lehen ipar-mendebaldeko haize hezeek lagunduta. Haizeak indarra hartuko du egunaren bigarren partean.
David de Andres Irati irratian