Mikel Zabalza gogoratu dute ehunka lagunek, Orbaizetako Olan

33 urte dira orbaiztarra torturapean hil zutela Intxaurrondoko kuartelean. Zigorgabetasuna salatu dute bereziki oroimen ekitaldian.

Mikel Zabalza orbaiztarra gogoratu dute 33. urtez, bere jaiotetxearen atarian, Orbaizetako Olan. Ehunka lagun batu dira egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez errepikatzeko bermea aldarrikatzeko. “Mikel Zabalzarena ez da kasu isolatua, gehiago dira isilpean egiarik, justiziarik eta erreparaziorik gabekoak” adierazi du Eneko Villegasek Mikel Zabalza gogoan herri ekimenaren izenean. Nafarroako Gobernuak polizia indarkeriaren biktimak aitortzeko hasitako bidea gogoan, ausardiaz jokatzeko eskatu zaio ekitaldian. 1960-1978 urteen bitartean izandako biktimaz gain, gainerakoak ere ikertzeko galdegin zaio Azaroaren 25a izanik, genero indarkeria jasaten duten emakumeak ere izan dituzte gogoan.

Zigorgabetasuna harreta berezia jarriz, Mikel Zabalzaren auzian inplikatutako guardia zibilek jaso dituzten kondekorazioen berri eman da autengo oroimen ekitaldian. Kointura taldearen musikaz lagunduta egin da aurtengo ekitaldia. Urtero bezala aurreskua eta lore eskaintza egin zaizkio.
Mikel Zabalzaren auzia isolatua ez dela gogora ekarriz, Marilo Gorostiagak haren tortura kasuaren berri eman du ekitaldian. Torturak jasan zituela salatu zuen Gorostiagak, baina artxibatu zuten haren kasua: “Hori ez da justizia”. Genero indarkeriaren aurkako eguna izanik, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak ere izan ditu gogoan: “Hori ez da justizia. Izugarria da torturan ere gertatzen den genero bereizketa. Emakumeak ez dira berdin torturatzen; bereziki alderi sexualean zentratzen dira”. Emakumeenganako biolentzia “instituzionala” dela azpimarratu du, eta horrelakoak aitortu behar direla. Baina ez horiek bakarrik: “Ez da justizia, Mikel Zabalzarena bezalako auziak ez hartzea polizia indarkeriaren biktimatzat. Ez da justizia ‘Manadakoekin’ edo Altsasuko gazteekin gertatzen ari dena”.

Bertaratutakoen artean, EH Bilduko Adolfo Araiz, Geroa Baiko Koldo Amezketa, Sortuko Nafarroako idazkari ohi Miren Zabaleta, Nafarroako Gobernuko Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari Álvaro Baraibar eta Nafarroako Gobernuko Elkarbizitza eta Giza eskubideen zerbitzuko biktimen harretarako bulegoko buru Blanca Burusko izan dira.

33 urte

1985. urteko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak Mikel Zabalza orbaiztarra, Donostian. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean.
Familiak inoiz ez zuen sinetsi bertsio ofiziala. Herrikideek ere ez. Zabalzaren hilketak bereziki ukitu eta hunkitu zuen herri hori, baina Euskal Herri osoan eragin zituen protestak. Euskal Herri osoan salatu zuten herritarrek gertatu zena.

Iruzkindu