Europar Batasunak IRATIko baliabideen balorizazio eta kudeaketa bateratu jasangarria babestuko du

POCTEFA mugaz gaindiko lankidetza-programaren deialdian onartua izan den SASCIRATI2015 proiektuak 2.273.107 €-ko aurrekontua du; horietatik 1.477.520 € Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) jarriko ditu.

SASCIRATI2015 lankidetza-proiektua, “bere garapenerako bere baliabideak oinarri dituen lurraldea”, mugaz gaindiko lankidetza programaren (POCTEFA) azken deialdian onuradunak suertatu diren proiektuetako bat da. Proiektuaren burua Zuberoako Sindikata Batzordea da, eta beste hiru bazkide ditu: Garaziko Sindikata Batzordea, Aezkoa Ibarreko Batzarra eta Zaraitzu Ibarreko Batzarra.

Iratiko lau ibarrek sustatzen duten SASCIRATI2015 proiektuaren helburuak dira. Batetik, bi herrialdeen artean Iratiko natura-baliabideak modu bateratuan kudeatzen ikastea, lau arlotan: artzaintzaren kudeaketa, basoaren kudeaketa, baliabide mikologikoak, eta bisitarien joan-etorrien antolaketa.
Bestalde, kalitateko turismo-eskaintza finkatzea, Iratiko estrategia ekologikoen eta turistikoen garapenean oinarrituta, baliabide eta gai osagarriekin: besteak beste, mikologia, artzaintza, hegaztien migrazioa, industria-ondarea, ingurumena eta naturako kirolak; polo osagarrietan antolatuta.

POCTEFA programaren asmoa da Espainiako, Frantziako eta Andorrako muga-eremuen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea, eta % 65eko baterako finantzaketa du Europar Batasuneko EGEF funtsetatik.
POCTEFA 2014-2020 programako lankidetza-eremua osatzen duten lurraldeak hauexek dira: Espainian, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Errioxa, Huesca, Zaragoza, Lleida, Girona, Bartzelona eta Tarragona; Frantzian, Pirinio Atlantikoak, Ariège, Garona Garaia, Pirinio Garaiak eta Ekialdeko Pirinioak; eta Andorra.

Iruzkindu