2.400 metro euskararen alde, 7.300 euro euskararen kontra!

Zaraitzuko AEKren prentsa oharra:

“Lagun agurgarri horri:

Mezu honen bidez, Zaraitzun jasotako isuna dela eta egin dugun  oharra azaldu nahi dizuegu:

2.400 metro euskararen alde, 7.300 euro euskararen kontra!

Zaraitzun ospatu zen Euskararen egunean, Otsagitik Eskarotzeko bidean Korrika moduko bat antolatu zen. Bi herri horien arten dauden 2.400 metroetan Zaraitzuko herritarrek ederki erakutsi zuten euskararen alde daudela eta ongi pasatzeko gogoa soberan dutela. Ekimena normaltasunez joan zen, beharrezko baimenekin, gainera. Hala ere, orduak pasata, Zaraitzun euskararen alde militante sutsua den Txetxo AEKideak bi isun jaso zituen. Guardia Zibilak salaketa jarri zion ekimenean trafiko seinaletan jarritako kartel batzuengatik.

Une honetan, isun horiei helegitea jarri zaien arren, Txetxok 7.300 euro ordaindu behar ditu. Gainera, bere kontu guztiak bahituta ditu.

Horren aurrean…
* Ozen salatu nahi dugu isun hauen atzean euskarari dioten  gorrotoa dagoela.
* Urteak joan urteak etorri, Txetxo AEKkideak sekulako  inplikazioa eta lana egin (eta egiten) du euskararen alde (helduen esparruan,  bereziki) eta isun hauekin lan hori geldiaraztea baino ez dute  bilatu.
* Zaraitzun euskararen normalizazioaren aldeko urratsak ematen  jarraituko ditugula berretsi nahi dugu, isun guztien gainetik.
* Isunek suposatzen duten ahalegin ekonomikoari aurre egiteko  guztion laguntza eta elkartasuna ezinbestekoa izanen da. Horretarako hainbat  ekimen eginen dugu.

3 euroko 2.400 diru ekarpen behar ditugu: BAIETZ 2.400 LAGUN ZARAITZUKO AEKren ALDE!

Laguntza-zenbakia: 2054 0165419132220780

Eskerrik asko arretarengatik”

Iruzkindu