Beñi Agirre
Euskara irakaslea
Askok uste dugu Nafarroako bandera eta ikurrina elkarren ondoan eta Euskal Herri osoan jarri behar direla. Nafarroa Garaian ahalegin handia egin da ikurrina instituzioetan jartzeko. Kostatzen ari da, baina badoa. Gainerako lurraldeetan traba gutxiago beharko luke ikurrina bezain gurea den bandera gorria balkoietan zintzilikatzeko. Hala ere, gure herriaren historia ezagutzen ez dugulako edo, kostatzen ari da, baina badoa.
Euskal herritar ororen memorian beharko luke abuztuaren 15eko data. 778koa zehazki. Egun horretan baskoiek sekulako garaipena lortu zuten Karlomagnoren aurrean. Egun horretan eman zuten euskaldun haiek denok bilduko gintuen Estatu subiranoa sortzeko lehenengo urratsa, gero bandera nafarra ikur nagusitzat izango zuena. Auzoko inperioek Nafarroa suntsitu egin zuten eta XX. mendean euskaldunek ikurrina ikusi zuten independentzia hura berreskuratzeko sinboloa. Hortaz, euskaldunok bi bandera ditugu? Ez, ez dira bi, gauza bera baizik.
Hori guzti hori gogoratzeko eta garaipena ospatzeko, abuztuaren 15ean bilduko gara Orreagan. Ibañetan jokatuko da bataila gogoratzen duen antzezpena eta ondoren, anaiarteko bazkarian elkartuko gara aurretik izena eman dugunok. Oraindik ere askok pentsatzen dute Orreaga oso urruti dagoela eta hura beste herri baten kontua izan zela; baina ez, ez gara bi herri, bakarra baizik. Jarri lasai bi banderak.