Jende anitz eta “giro ezin hobea” izan ziren Auritzen larunbatean egindako azokan, Auritzeko Udalak jakitera eman duenez. Aurten egindako berrikuntzak nabarmendu dituzte web orrian egindako kronikan.
ESKULAGINTZA AZOKA 2015
Berritasunak, giro ezin hobea eta jende anitz Abuztuaren 15eko eskulangintza azokak jende anitz erakarri zuen Auritzera, egun zoragarria pasatzeko helburuarekin. Azoka Udal Plazan eta San Nikolas karrikan zehar, Jauregitik Burguete Hoteleraino, kokatu zen; elikagaiak zein bestelako produktuen salmenta, eta harria, burdina edo soken lanketaren erakustaldiak ikusi ahal izan ziren. Hortaz gain, herriko eta inguruko bizilagunek aukera izan zuten urtean zehar egiten dituzten lanak erakusteko. NA-135 errepidetik zetozen ibilgailuentzako bi aparkaleku zeuden herriko sarreran, eta beste bat Aezkoa eta Zaraitzu aldetik zetozen ibilgailuentzako, Arrobiko baserriaren ondoko gurutzetik sartuta. Iruñeko Trikitixa eskolako ikasleek herria alaitu zuten, ospakizunari hasiera emanez, eta, ondoren, Aurizberriko Erraldoien Konpartsa San Nikolas karrikan barna ibili zen. Eguraldiaren aurreikuspena oso ona ez izan arren, aterturik egon zen eguerdi arten, goizeko ekitaldiak bukatzear zeudenean. Festari bukaera emateko “Garaitzeko Asi” Kultur Elkarteak “zikiro” bazkaria prestatu zuen eta ondoren dantzaldia. Eta udaletxeko arkupeetan “Ambar” pailazoak txikientzako emanaldia eskaini zuen.