Gobernuak ez du errekurtsorik aurkeztuko Zilbetiko harrobia baliogabetzen duen sententziaren aurka

Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapen kontseilari Isabel Elizaldek jakinera eman duenez, gobernuak ez du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia errekurrituko. Auzitegiak ezetz esan zion, orain bi aste, Zilbetiko harrobiari, ingurumenean “kalte onartezina” eragingo lukeelako.

1Isabel Elizaldek gaur azaldu duenez, gobernuko zerbitzu juridikoek egidako txostenetan oinarritu da gobernua erabakia hartzeko. Txostenek helegitea ez aurkeztea aholkatzen dute, auzitegiaren “arrazoibidea ez da auzitan jarri” kasazioan. Uxue Barkos presidenteak astelehenean adierazi zuen enpleguaren galeraren aurkako neurriak hartzeko “era aktiboan” lan egingo dutela.

Magnesitas Navarra enpresako zuzendari nagusi Javier Creixelleek, enpresako langileek eta Erroibarko udal ordezkariek, berriz, sententziaren aurka jotzeko asmoa erakutsi zuten, aurreko astean egidako agerraldi batean. Enpleguaren ikuspegia erabili zuen epaiaren aurka jotzeko, Eugiko meategia amaitzear dela eta. Gaur ezohiko bilera eginen dute Erroibarko Udalan gaia eztabaidatzeko.

SEO-Birdlife elkarteak eta Alduide Koordinakundeak jo zuten epaitegira harrobiaren aurka. Antzeri pagadia eremu babestuan dago, ZEC (Zona de Especial Conservación) izendapena du eta Natura 2000 sarean dago sartuta. Horrek, debekatu egiten du bertan harrobiak egitea. Gobernu kontseiluak gaur hartu du  erabakia. Maria Jose Beaumont Lehendakaritza, Barne, Justizia eta Funtzio Publikoko kontseilariak ez du parte hartu. Alduidee koordinakundearen eta SEO/Birdlife elkartearen ordezkaria izan da Beaumonten abokatu bulegoa.