Egia, justizia eta erreparazioa eskatuz, Mikel Zabalza omenduko dute 21ean

Azaroaren 26an 30 urte beteko dira Mikel Zabalza orbaiztarra azken aldiz bizirik ikusi zutenetik. Guardia Zibilak Zabalza atxilotu eta inkomunikatu zuen, terrorismoaren kontrako legea baliatuz.

Sin título“30 urte hauetan ukapena eta isiltasuna izan dira nagusi. 30 urte hauetan gezurretan aritu dira, bertsio ofiziala defendatzeko; 30 urte hauetan, instituzio judizialek mesprezua ageri dute eta Estatuko eta Nafarroa “ofizial” haren aparatu guztiek oztopoak jarri dituzte”, salatu dute Mikel Gogoan Herri Ekimeneko kideek. Agerraldia egin dute gaur aurtengo omenaldia aurkezteko, Iruñeko Katakraken.

Azaroaren 21ean, 12:30ean, Garraldako Polikiroldegian omenaldi-ekitaldia eginen dute. Aurretik, Orbaizetako Olan, urtero bezala, omenaldi xume bat egingo dute, 10:30ean.

Oroitzapen ekitaldi berezi bat eginen dute: “Bertan, argi eta garbi erranen dugu memoria dugula, ez dugula ahaztuko eta egia aldarrikatzen jarraitzen dugula”, azaldu du Izaskun Zabalzak. Aurrera ere begiratuz: “Bizi dugun auzia betiko konpontzearen aldeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da biktima guztiak aitortzea”.

Senideek, lagunek, auzokideek eta Aezkoako instituzioek bizirik mantendu dute Mikelen memoria 30 urteetan, eta, aukera izan duten bakoitzean, salatu dute “Euskal Herrian tortura aplikatu dela inpunitate osoz”.

Patok aurkezpenaren berri eman digu:

Audio clip: Adobe Flash Player (version 9 or above) is required to play this audio clip. Download the latest version here. You also need to have JavaScript enabled in your browser.

Klikatu hemen elkarrizketa jaisteko