2017an zabalduko dute etxeko ospitalizazioa eskualdera

Nafarroako Ospitaleguneak iragan urritik Etxeko Ospitalizazio zerbitzua ematen du Tafallako eremuan, eta datozen asteotan, Azkoien, Zarrakaztelu, Erriberri eta Artaxoara zabalduko da; horrenbestez, Osasuneko eremu horietan bizi diren 40.000 biztanlek zerbitzu hori izango dute.

Fernando Dominguezek iragarri du, gainera, 2017an etxeko ospitalizazioak dauden plaza-kopurua bikoiztuko duela ia (90, guztira), eta 4 talde berri sortuko direla (4 espezialista, 8 erizain eta 6 ibilgailu) Iruñeko eremuan eta Iruñerrian zerbitzua indartzeko nahiz zabaltzeko eta zerbitzua Nafarroako hainbat zonaldetara hedatzeko. Horretarako, 473.000 euroko aurrekontua dago.

Lau talde horietako bi (8 plaza bakoitzean) honako leku hauetako pazienteei estaldura emateko bideratuko dira: Altsasu, Etxarri Aranatz, Irurtzun, Ultzama, Doneztebe, Leitza, Lesaka, Elizondo, Auritz, Agoitz, Zaraitzu, Izaba eta Zangoza. Beste bi talde berriek, honako hauei emango die estaldura: Iruñea, Berriozar, Atarrabia, Huarte, Mendillorri, Orkoien, Zizur, Noain eta Gares.

Hala azaldu du prentsaurrekoan Osasun Departamentuko kontseilari Fernando Dominguezek, eta harekin batera izan dira Nafarroako Ospitaleguneko laguntza-zuzendari Jesus Berjon; Etxeko Ospitalizazio Ataleko Maria Ruiz; eta Etxeko Ospitalizazioko eta Larrialdietako Zaintzak Ataleko zuzendariorde Marta Ancin. Dominguez kontseilariak azpimarratu duenez, “Osasun Departamentuak etxeko ospitalizazioaren aldeko apustua egiten du ohiko ospitalizazioaren ordezko gisa, abantaila kliniko asko baititu paziente eta familientzat, bai eta osasun-sistemarako ere”. Zerbitzu horrekin, etxean bertan osasun-laguntza konplexua ematen da, baldin eta pazienteak betekizun batzuk betetzen baditu eta zaintzaile baten babesa badu.

Etxeko ospitalizazioaren laguntza-eredua

Etxeko ospitalizazioa laguntza-eredu bat da eta, haren bidez, pazienteei bere etxean ospitale bateko zaintza medikuak eta erizaintzako zaintzak ematen zaie ospitaleko azpiegitura jadanik behar ez duten unean, baina oraindik medikuen jarraipena eta laguntza konplexua behar dutenak.

Laguntza-eredu honek abantaila asko ditu ohiko ospitalizazioarekin alderatuz, susperraldia inguru ezagun eta erosoago batean egiten baita (etxea), senideen laguntzarekin; azken horiek, gainera, ez dute ospitalera joan beharrik eta gauak ere ez dituzte han pasa behar, ospitaleko infekzioak saihesten dira, pazienteak ez dira hainbeste desorientatzen, eta errekuperazio funtzionala bizkorragoa da.

Gainera, ospitalizazio-mota horri esker, osasun-baliabideak aurrezten dira eta mediku espezialisten eta Lehen Mailako Arretako medikuen arteko koordinazioa hobetzen da.

Ospitalizazio-mota hori aukeratzen duen pazienteak zenbait betekizun bete behar ditu: informazio guztia jaso ondoren bere borondatez onartzea; zerbitzua ematen den eremu batean bizitzea; eta erabateko gaitasunak dituen pertsona batekin bizitzea (zaintzailea).

Etxeko Ospitalizazioko taldeak aldian behin bisitatzen du pazientea eta etxean beharrezko proba diagnostikoak egiten ditu, esaterako; analisiak, elektrokardiograma, tentsio arterialaren monitorizazioa, oxigeno-maila ikustea… Halaber, prozedura terapeutikoak egiten dira, adibidez: zain barneko tratamendu antibiotikoak, nutrizio artifiziala, oxigenoterapia, sendaketa konplexuak eta odol-transfusioak, beti ospitaleko arreta eta segurtasuneko berme berberekin.

Nafarroako Ospitaleguneko Etxeko Ospitalizazioa 2008. inauguratu zen. Sortu zenetik eta 2014ra arte 4.000 pertsona inguruk baliatu dute laguntza-modalitate hori.

Iruzkindu