Nafar Presek antolatutako Tokiko prentsaren jardunaldian izan ginen gure lagunak diren Mendixut aldizkarikoek gonbidaturik.
Otsagabian, 16:30 zen hitzordua, Javi Eseverri kultur aretoan. Bertara heldu eta sarreran NafarPres osatzen duten aldizkari desberdinetako aleak ziren ikusgai. Nafarroa osoa harilkatu egiten du elkarte honek bere barnean, Erriberatik hasi eta Pirinioetaraino.


Otsagabiako lagunen goxotasunak jardunaldi eder batzuetaz gozatzeko aukera eman zigun bertaratutakoei. Atzerapen apur batekin hasi zen programazioa. Sergio De Andres genuen jardunaldien dinamizatzaile eta aurkezle eta berak eman zion hasiera egitarauari. Oholtzara igoarazi zituen hasiera eman zezaten Jabi Arakama eta Sandra Goldaraz.
Euskarabideako zuzendari nagusiak tokiko hedabideei aitortu zien euskararen zabalpenerako duten garrantzia baita kalitatezko informazioa lehenesten dutela FAKE News garai hauen erdian. Sandrak hari bera hartu eta tokiko hedabideen garrantzia nabarmendu zuen, hauek baitira desertu informatiboak ekidin dezaketen bakarrak, mass mediak ez baitituzte aintzat hartzen tokian tokiko istorio eta borrokak.


Horren ondotik, CEDERNA Garalurreko Arantxa Arregi igo zen taula gainera. Berak ere balorean jarri zuen tokiko hedabideen garrantzia. Bera landa-eremuko biztanle izanagatik aukera izan ohi du tokiko hedabideen berri eta nabarmendu egin zuen zer nolako garrantzia duten hedabie hauek komunitatea eraikitzeko.
Honen ostean Sandra Goldarazek Kilometro 0ko informazioaren analisia egin zuen baita NafarPresen barnean dauden hedabideen analisia egin. NafarPresek hilero 127000 irakurle dituela adierazi zuen, lehen aldiz tokiko prentsaren ikerketa egin zutela baliatuz. Datu esanguratsuak erabat, hedabide hauek bertako biztanleen bozgorailu izaten ohi direlakoz. Bertakoa lehenetsi eta bertan sortzen diren proiektuak lehenesten duen gertuko kazetaritza baita ikerketan gehien baloratu egiten zena. Aldiz, erakundeen laguntzak ez direla maila horretan ematen jarri zuen mahai-gainean. Hedabide hauek laguntza horien beharra dute, komunitateari zerbitzua ematen baitiote eta eskasa izan ohi da laguntza hori.


Ondoren, tokiko prentsako profesionalekin mahai-inguru bat egin zen, sektoreak dituen erronka nagusietako batzuk jorratzeko: belaunaldi erreleboa, prentsa inprimatuaren iraunkortasuna, informazio basamortuen arriskua eta gertuko informazio kalitatezkoa bermatzeko bultzatutako ekimenak, besteak beste . Bertan tokiko hedabideen irismen ahalmena murritza dela ere nabarmendu zuten, mass medien aldean jarrita.
Iritsi egin zen atsedenerako ordua. Jendearekin solasteko aliantzak sortzeko edota iritziak partekatzeko bada ere.
Atsedenaren ostean etorri ziren NafarPres sarien banaketa. Lehendabizi eskolen arteko sariak izan ziren. Lehiaketa honetan Añorbe, Lizarra, Otsagabia eta Beteluko ikasleek hartu zuten parte.Lehen edizio honetan, sariak Silvia Astizentzat izan dira, C.P. Añorbeko ikaslearentzat, Artikulu Onenaren kategorian, eta Etxahun Larrinaga Pinillosentzat, Lizarra Ikastolakoa, Elkarrizketa Onenaren kategorian . Ondoren eorri ziren NafarPres sarien bigarren edizioa. Nafarpres Sariak sortu ziren tokiko komunikabideetako profesionalen ahalegina, sormena eta dedikazioa aitortu eta balioesteko, bai euskarazkoetan, bai gaztelaniazkoetan. Bigarren edizio honetan, sariak honako lanetan erori ziren:
Erreportaje Onenaren kategorian, sakontasunagatik eta errealitate lokalak islatzeko gaitasunagatik nabarmentzen diren lanak aitortzen ziren. Saria Endika Irisori eman zitzaion, La Voz de la Merindad aldizkarikoari, bere “El futuro sobre plano” lanagatik.
Elkarrizketa Onenaren saria, Nafarroako testuinguru sozial eta kulturala hobeto ulertzen laguntzen duten lanak aitortzen dituena, Erkuden Ruiz Barrosorentzat izan zen, Guaixe aldizkariko kazetariarentzat, “Besteak beste, sexu langileen eskubideen alde lan egiten dugu” elkarrizketagatik.
Diseinu Editorial Onenaren kategorian, tokiko argitalpenen maketazio eta aurkezpeneko sormen eta inpaktu bisuala baloratzen dira. Saria Guaixe taldearentzat izan zen, “Uda Sakanan” lanagatik.
Tokiko Komunikabideen Argazki Onenaren saria, irudiaren bidez istorio bat kontatzeko gaitasuna eta tokiko bizimoduaren identitatea nabarmentzen dituena, Sandra Goldarázek jaso zuen, Entreto2 Valdizarbe aldizkarikoak, “FeriasGares2025. Diada Castells panorámica” argazkiagatik.
Kanpoko Profesionalaren Argazki Onenaren kategorian, tokiko istorioak inpaktu handiko irudien bidez transmititzeko trebetasuna saritzen da. Saria Unai Beroizentzat izan da, Diario de Noticias egunkariko argazkilariarentzat, “Pecado” lanagatik.
Azkenik, Publizitate Kanpaina Onenaren saria, publizitate komunikazioaren originaltasuna eta eraginkortasuna aitortzen dituena, Estudio Cayena agentziarentzat izan zen, “Durundatu” kanpainagatik.
Irabazleek Baku Barrikupel enpresak eskuz egindako oroigarri bana jaso zuten.
Sarien banaketaren aurretik Ana Ollo lehendakari ordeak hartu zuen hitza nabarmenduz tokiko hedabideek herrien egunerokoan eta bertako proiektuen garapenean duten garrantzia.
Otsagabian ospatutako jardunaldi hauek bertan egitea erabaki zen aurten Mendixut aldizkariak 25 urte betetzen baititu Pirinioetako ahotsa izaten, beraz hemendik doakiela Mendixut aldizkarikoei gure zorionik sentituena eta jarrai dezatela beste hainbeste urte gure ahotsa izaten.
Nola ez, jardunaldiei amaiera emateko talde argazkia eta bertako produktuez hornitutako mokaduek hartu zuten Javi Eseverri kultur aretoa.




Jardunaldien audio erreportaia Irati Irratian