Joseba Lakarra UPV/EHUko Euskal Filologiako katedradunaren zuzendaritzapean, Leyre Rojo Horrillok egin duen ‘Erronkarieraren ikerketa–egoera gainbegiratuz’ lana izendatu du epaimahaiak lanik onena. Masterreko eta doktoregoko unibertsitate-ikasleentzat eratua izan da lehiaketa, euskal gaiei buruzko ikerketa sustatzeko eta Sancho el Sabio Vital Fundazioaren funtsak erabiltzeko. Rojok 1.000 euroko saria jasoko du eta bere lana erakundearen aldizkarian argitaratuko da.
Erronkariera du ardatz lanak, desagertutako euskalkia, ikertzaile askoren interesa piztu duena eta, hala ere, oraindik filologikoki finkatzeko dagoena. Ikerketa honen egilearen arabera, lan askotan aipatu eta aztertu den arren, corpus osoa kontuan hartzen duten ikerketak falta dira. “Horren aurrean, lan honetan analisi filologikoan sakontzea erabaki dugu, eta euskalkia zeharka aztertzen edo aipatzen duten ikerketa guztiek, helburu desberdinak izan arren, euskalkiaren bilakaera diakronikoa berreraikitzeko balio dezaketela frogatzea ere bai”, adierazi du. Lehiaketaren baldintza denez, horretarako Sancho el Sabio Vital Fundazioak eskura dituen baliabide guztiak erabili dira.
Leyre Rojo Euskal Ikasketetan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia Masterrean espezializatua. Bere prestakuntza profesionalerako emandako urrats bakoitzak euskara aztertzearekin eta ikastearekin izan du zerikusia, “eta egoera diglosiko nabarmena duen hiri batean jaiotzeak dakartzan zailtasunak gorabehera, hizkuntza horren ikerketa diakronikoan aurkitu nuen nire pasioa. Erronkariko Haraneko (Nafarroa) desagertutako euskalkiari buruzko azterlanaren eskutik ekin nion ikerketa-ildo horri, eta nire lehenengo ikerketetatik aurrera egin dut gradu amaierako (GAL) eta master amaierako (MAL) lanei esker”. Euskararen proiektu soziolinguistikoetan eta euskararen irakaskuntzan edo itzulpengintzan ere hartu du parte.
Eskerrik anitx Leyre eginiko lanagatik eta Bortuetako euskalkiei eginiko ekarpenagatik. ZORIONAK!!
Leyre Rojo Irati Irratian